MÁSTER-HIDRÓGENO

Iker Marrón, gainditzearen adibide bat

Iker Marrónek, gaur egun, Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko Goi Mailako lehen maila ikasten du, baina beteranoa da zentroan, lehen hezkuntzatik baitarama gurekin, eta igaro dituen etapa eta talde guztietan utzi du aztarna bere giza kalitateagatik.

Jaiotzetik dauka atrofia muskularra, nerbio-zelulei eragiten dien nahasmendua, eta honek goiko eta beheko gorputz-adarretan paralisia sortzen dio. Nahasmendu horrek muskulu indarraren galera eragiten du, eta eragin handia du eguneroko ekintzetan. Hala ere, Ikerrek, tentuz, bere zailtasunak gainditu ditu, bere egunerokotasunean eta ibilbide akademikoan aurkitu dituen aldaketetara eta egoera berrietara egokituz.

Batxilergoko ikasketak amaituta, Ikerri erronka berri bat aurkeztu zitzaion bere bizitzan, LHren munduan bere lekua aurkitzea, unibertsitatera joateko aukera baztertuta geratu zen, han ez baitzituzten bermatzen ikasketak egin ahal izateko behar zituen baldintzak.

Barne-orientazioko prozesuan eta bere bidea aukeratzeko orduan, DFM3 zikloak arreta eman zion Ikerri; izan ere, ordenagailuz egindako marrazketa oso gustuko duenez, eta, aldi berean, autoen eta motorraren munduaren zale amorratua denez, ziklo horrek aukera handiak ematen zizkion automobilgintzaren mundurako piezak diseinatzen ikasteko.

Autoentzako pieza bereziren bat egitea da bere ametsa, berak dioen bezala erabilgarria den zerbait, edo zailtasunak dituzten pertsonei gidatzen laguntzen diena. Zalantzarik gabe, bere aita da arlo horretan erreferente nagusia. Aitak bere aulkirako piezak diseinatu dizkio, baita ordenagailua errazago erabiltzeko ere, adibidez eskuari eusteko eta ordenagailuko sagua errazago erabiltzeko plataforma. Eta horrela hasi zuen Ikerrek bere ikasturte berria, ikasgai berriak, irakasle berriak, ikaskuntza-sistema desberdina… etapa berri bat aurre egiteko. Ahala ere, berriro ere erakutsi du egokitzeko eta gainditzeko gaitasun handia duela.

 

 

Ikerren lan egiteko modua aldatu egin da, LHn ETHAZI metodologiarekin batez ere taldeetan lan egiten baita. Ethan Calvar ikaskideetako batek aitortu du hasiera batean ez zekitela nola moldatuko ziren eta baita zer zeregin egin ahal izango zituzten ere, baina, hala ere, Ikerrekin lan egiten hasi zirenean, konturatu ziren marrazketan ematen dien guztiaz gain, giza mailan  oztopoak positibismoz gainditzen eta funtsezko balioa ematen irakatsi diela, baina, batez ere, Ethanek oso pertsona ona dela eta lan ona eginten duela nabarmendu du, nahiz eta batzutan burugogorra izan.

Antzerako zerbait esaten dute zikloko irakasleek, Andreak, Josuk, Mikelek eta, bereziki, Albertok. Ikasle handi bat eta pertsona bikain bat aurkitzeaz gain, ikaskideei eta beren buruei egunero ematen dieten gainditzearen adibidea aitortzen dute. “Oso erraza izan da Ikerrekin lan egitea, oso pertsona argia da, arin ulertzen du dena eta marrazketarako dohaina du“, adierazi du Alberto Yañezek. “Beti etortzen da klasera animatuta, ez du inoiz huts egiten, eta bere gainditze-espiritua goresgarria da”, esan du Albertok. Aldi berean, harro-harro erakusten digu Ikerrek ordenagailuz egin dituen marrazkietako bat eta egin duten 3Dko pieza.

Iker pozik dago zikloan, bai ikaskideekin, bai irakasleekin, eta bera bezain zoriontsu, Inma eta Garazi, azken urteotan berarekin lorpenak partekatu dituzten laguntzaileak. Zalantzarik gabe, gainditzeko adibide bat guztientzat.

Elkarrizketa hau “Bertan GURE irakasgunean” Somorrostroko aldizkari digitalaren 34. zenbakiaren parte da, eta esteka honetan osorik deskarga dezakezue.

 

Leave a comment