MÁSTER-HIDRÓGENO

Laia Sánchez: tatamiko txapelduna 13 urterekin

#Gaztegiron gure ikasleek ikasgeletatik kanpo garatzen dituzten zaletasunak, talentuak eta ametsak ezagutuko ditugu. Istorio bakoitzak pasio ezberdin batera eta horren atzean dagoen guztira hurbiltzen gaitu: esfortzua, ilusioa eta hazteko gogo handia. Oraingo honetan, Laia Sánchez ezagutuko dugu, DBHko 2. Bko ikaslea. Bost urte daramatza kickboxingean eta dagoeneko sekulako palmaresa lortu du.

 

Laia Sánchez, DBHko 2. Bko ikaslea, 13 urte ditu, Muskizen bizi da eta ia bizitza osoa darama kontaktuko kiroletan. Bost urterekin hasi zen kickboxinga egiten, eta zortzi urterekin, lehiatzen hasi zen. Harrezkero, Espainiako hiru txapelketa irabazi ditu — bat FEKekin eta beste bi ISKArekin —, Euskadiko lau txapelketa, bi txapelketa iberiko eta Toledon ospatutako Road to Glory torneoko garaipena.

Bere ibilbidean kickboxinga eta K1 praktikak egin ditu, baina gaur egun Muay Thai du diziplina gogokoena. Laiak azaldu duenez, kickboxingak ukabilkadak eta ostikoak konbinatzen ditu; K1ean belaunezurrak ere gehitzen dira, eta Muay Thaik ukondoak eta heldulekuak gehitzeko aukera ematen du. Duela ia bi urte Sestaoko Kwoon Shaolin klubean sartu zen, eta han aurkitu zuen bilatzen ari zen giroa eta ikuspegia. «Familia bat gara, eta denok berdin tratatzen gaituzte», dio.

Bertan, Pepe Carorekin eta Unai eta Gorka seme-alabekin entrenatzen du, nazioartean ibilbide nabarmena duten borrokalari ezagunak. Prestakuntzak konstantzia eskatzen du: Laiak egunero bizpahiru ordu ematen ditu entrenatzen, eta ahalegin horrek duela urte batzuk urrun ziruditen helburuak lortzera eraman du. Ikasketekin uztartzeko, arratsaldeak etxeko lanen, ikasketen eta entrenamenduaren artean antolatzen ditu. Etxera itzultzean, oraindik tarte bat gordetzen du ikasten jarraitzeko.

Bere hurrengo erronka azaroaren 4tik 9ra izango da Aranjuezen (Madril): lehen aldiz lehiatuko da munduko txapelketa batean eta hiru kategoriatan. Ez da erraza izango. Bere kategorian — 50 kilotik beherako kadetea — hogei bat aurkari izan ditzake. «Aste hauetako lan guztia atera nahi dut, topera gozatu eta dena eman», azaldu du.

Oraingoz tatamian lehiatzen ari da. Ringera igotzeko 15 urte bete arte itxaron beharko du, baina hori da bere helburu nagusietako bat: «Gogor jo nahi dut hor». Laiak ere argi dauka kontaktuko kirolak egiteak ez duela esan nahi indarkeria gimnasiotik kanpo bilatu behar denik. «Batzuetan, kirol hauek entrenatzen ditugunok izaten gara lasaienak», dio.

Borroka asko ditu aurretik eta etorkizunari begira dago. Laiak ilusioz, ikasteko gogoz eta hazten jarraitzeko irrikaz ekingo dio munduko txapelketa honi. Bere helburua, egunen batean, munduko txapeldun bihurtzea da.

Leave a comment