MÁSTER-HIDRÓGENO

Soldarte – Soldadura Eskolako lehen kontratazioak

Gutxienez 145 pertsonak lortuko dute laneratzea prestakuntza-jardueraren lehen ikasturtea amaitzean; kontratazio hauek Bizkaiko industria-sektoreko enpresetan, ingurumenaren aldetik jarduera jasangarria, lan-baldintza onak eta soldata duinak dituztenetan, burutuko dira.

Aldundiak, Haizea Wind, Somorrostro Prestakuntza Zentroa eta Metaleko Enpresen Euskal Federazioarekin lankidetzan, bultzatu eta finantzatutako programa tresna baliagarria eta Bizkaiko industria-sektoreak talentua sortzeko dituen beharrei erantzuteko egokia dela egiaztatzen ari da.

 

Soldarte-Soldadura Eskola Bizkaiko industria-sektorean lehen kontratazioak egiten hasi da. Zehatzago esanda  programa hasi zenetik 49 kontratu sinatu dira guztira eta uste guztien arabera kopuruak aise egingo du gora prestakuntza-jardueraren lehen ikasturtea amaitzean gutxienez 145 pertsona laneratzea lortu arte. Soldarte langabetuak —edo enplegu hobe baten bila dabiltzanak— Bizkaiko industria-sektoreko enpresetan laneratzea lortzeko ekimena da; enpresa horiek  ingurumenaren aldetik jasangarria den jarduera egin behar dute eta lan-baldintza onak eta soldata duinak eskaini behar dituzte.

 

Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak, Haizea Windekin lankidetzan, sustatutako programak Somorrostro LHko zentroaren bidez garatzen du bere prestakuntza, eta Metaleko Enpresen Euskal Federazioaren laguntza du.  Soldartek Bizkaiko industria-sektoreak behar duen langile-eskaerari erantzuteko prestakuntza ematen du eta lan-adinean dauden Bizkaiko pertsonei zuzenduta dago, bai langabezian badaude, bai lan-aldaketa egitea erabakitzen badute, bereziki enplegagarritasun-aukera gutxien dituzten edo industria-prozesuetan presentzia txikia duten kolektiboetakoak badira.

 

BIZKAIKO INDUSTRIARAKO SOLDATZAILEAK PRESTATZEN

Gaur goizean  topaketa egin da Bilbon  Bizkaiko industria-sektoreko enpresekin eta bertan Teresa Laespadak,  ahaldun nagusiordeak eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak, parte hartu du. Topaketan, halaber, Soldarten inplikatutako beste erakunde eta enpresetako ordezkariak egon dira (Metaleko Enpresen Bizkaiko Federazioa, Somorrostro Prestakuntza Zentroa, Haizea Wind).

Ekitaldian azpimarratu da funtsezkoa dela Bizkaiko Industria indartzen lagunduko duten programak garatzea eta  gogorarazi da industriako enplegu bakoitzak beste sektore batzuetan, batez ere zerbitzuetan, lotutako beste hiru enplegu sortzen dituela, beti ere oso kontuan hartuta Bizkaian industriako enplegua afiliazio osoaren % 15 inguru dela eta, aldi berean,  industria gure BPGaren laurdena dela, eta horiek nabarmen hobetzeko asmo argia dagoela.

 

Bestalde, Borja de la Rica Haizea Bilbao enpresako zuzendari nagusiak nabarmendu du munduan enpresa liderra izatera iritsi direla dorreen eta XXL zimenduen fabrikazioaren arloan. Eta erantsi du, itsasaldeko merkatu eolikoaren hazkunde handiaren eta eskarian izandako gorakadaren ondorioz, portuan kokatutako instalazio berriak eraiki behar izan direla eta 150 milioi eurotik gorako inbertsioa ekarriko dutela. Halaber, esan du hedapen horrek talentu ugari erakarri behar izatea eragin duela, zehazki 295 pertsona, eta Soldarte tresna oso eraginkorra izaten ari dela prestakuntza duten eta enpresak behar duen esperientzia duten profilak prestatu eta sartzeko, kontuan hartuta Euskadin halako profil gutxi daudela.

Leave a comment