Somorrostro Heziketa Zentroak “Industria-enplegua Bizkaian” ikus-entzunezkoaren aurkezpena egin du gaur. Mikel Toralek ekoitzi du, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailaren eta Metal Enpresen Bizkaiko Federazioaren (FVEM) laguntzarekin.
Ekitaldia Suberri eraikineko areto nagusian egin da, DBHko 4. mailako ikasleei zuzenduta egon da eta Gonzalo Loza Radio Bilbaoko kazetariak aurkeztu du.
Jardunaldia Somorrostro Heziketa Zentroko zuzendari Javier Laisecaren hitzaldiarekin hasi da, eta ikasleen aurrean gure eskualdeko iragan industriala ezagutzeak oraina ulertzeko eta etorkizuna eraikitzeko duen garrantzia azpimarratu nahi izan du. Laisecak, gainera, Lanbide Heziketak inguruneko garapen industrialean historikoki izan duen papera nabarmendu du, eta immigrazioaren garrantzia ere azpimarratu du, “gure eskualdeko garapen ekonomiko eta sozialerako funtsezkoa izan dela eta izango dela” gogoraraziz.
Ondoren, FVEMeko presidenta Begoña San Miguelek hartu du hitza, eta industria-sektoreak azken hamarkadetan bizi izan duen aldaketa handia azpimarratu nahi izan du. Lan gogorrek eta lan baldintza zailek markatutako industriatik hasi eta teknologia, berrikuntza eta iraunkortasuna nagusi diren egungo errealitateraino. San Miguelek, gainera, berretsi du beharrezkoa dela emakumeek industriaren eremuan duten presentzia handitzea, eta mezu argia utzi die ikasleei: “Arrakastaren errezeta ahalegina eta jarrera da”.
Bestetik, Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasun Saileko foru diputatuak, aurreko belaunaldien ahalegina aitortu nahi izan du, bereziki gure aitite-amamek oso baldintza zailetan egindako lana gogoratuz. Laespadak adierazi du industria dela oraindik ere Bizkaiko motor ekonomiko nagusia, eta ikasleak animatu ditu industriaren sektoreak gaur egun duen belaunaldi-errelebo garrantzitsua haien gain hartzeko presta daitezen.
Erakundeen hitzaldien ondoren, “Enplegu industriala Bizkaian” bideoa proiektatu da. Bideoak Bizkaiko bilakaera industriala aztertzen du, lehenengo iraultza industrialean gure eskualdeko meatzaritza eta industria errealitatetik hasita eta iragan hori sektorearen egungo erronkekin lotuz.
Irudi, testigantza eta datu historikoen bidez, dokumentalak gai garrantzitsuei buruzko gogoeta egiten du, hala nola langile kualifikatuen beharra, etengabeko prestakuntza, immigrazioak produkzio-sektore jakin batzuetan duen papera, emakumea industria-eremuan sartzea eta Lanbide Heziketaren garrantzia gure inguruko industria-ehunarentzat etorkizunerako berme gisa.
Jardunaldia oso modu parte hartzaile eta dibertigarrian amaitu da, ikus-entzunezkoaren edukiarekin lotutako kahoot interaktibo batekin eta parte hartzen duten ikasle guztientzako sariekin.








