Joan den uztailaren 18an, Hidrogenoaren Teknologiei buruzko Etengabeko Prestakuntzako Unibertsitate arteko Masterraren (MITH) hirugarren edizioko diplomak banatzeko ekitaldia egin zen Bilboko Mondragon Unibertsitateko campusean. Masterra aitzindaria da Espainian, eta trantsizio energetikoaren sektore estrategikoetako batean profesionalak trebatzearen aldeko apustua egiten du.
Ekitaldian, prestakuntza hau ematen duten lau egoitzetan — Bilbo, Bartzelona, Tarragona eta Zaragoza — aldi berean egin zena, 32 ikasle graduatu ziren. Bilboko egoitzan, Pedro Luis Arias (UPV/EHUko Katedraduna eta Ikertzailea), José Ignacio Zudaire (Hidrogenoaren Euskal Korridoreko presidentea eta Petronorreko CEOaren ondokoa), José María Canales (Mondragon Unibertsitateko Masterraren koordinatzailea) eta Sergio San Martín, Somorrostro Prestakuntza Zentroko Berrikuntza Zuzendaria izan ziren ekitaldiko buru.
Unibertsitate arteko Hidrogenoaren Teknologietako Masterra bost unibertsitateren — Mondragon Unibertsitatea, Universitat Politècnica de Catalunya, Universitat Rovira i Virgili, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Zaragozako Unibertsitatea — eta sei prestakuntza- eta ikerketa-zentroren — Somorrostro LHko Zentro Integratua, Riuseko Comte LHko Zentroa, Treballeko Escola Institutua, Piramide LHko Zentro Publiko Integratua, Aragoiko Hidrogenoaren Fundazioa eta Industria Antolatzeko Eskola — arteko aliantza akademiko eta teknologiko indartsu baten emaitza da.
Somorrostrotik, master honetan parte hartzea prestakuntza espezializatuaren, lurraldeen arteko lankidetzaren eta etorkizuneko industriarentzat funtsezkoak izango diren gaitasun berriak bultzatzearen aldeko apustu garbia da. Sergio San Martínek ekitaldian azaldu zuenez, “ikastetxeen sare honen parte izateak LHtik hidrogenoaren sektore estrategikoa garatzen laguntzea ahalbidetzen digu, sortzen ari den arlo horretan unibertsitate-profilen eta teknikarien artean beharrezkoa den oreka indartuz”.
Benetako inpaktua duen abangoardiako prestakuntza
Masterra online modalitatean ematen bada ere, ikasle guztiek Masterraren Azken Lana egiten dute sektoreko enpresekin edo eragileekin lankidetzan. Edizio honetan, garrantzi handiko erronkei heldu diete proiektuek, hala nola instalazio elektrolizatzaileen diseinuari, hidrogenoa biltegiratzeko sistemen garapenari edo bektore energetiko horretan oinarritutako mugikortasun-soluzioetan ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari.
Ekitaldian bi sari garrantzitsu ere banatu ziren. Master Amaierako Lan Onenaren Sariak, Carburos Metálicosen eskuktik, aukera emango dio irabazleari Rotterdamera bidaia bat egiteko, Air Products-eko hidrogenoaren ekosistema industriala ezagutzeko. Bestalde, espediente akademiko onenaren Hidrogenoaren Euskal Korridorearen Saria Ekhi Díaz de Corcuera Muguerza Bilboko egoitzako ikaslearentzat izan zen.
Deskarbonizaziorako talentuaren aldeko apustua
Masterrak ikuspegi integrala eta eguneratua eskaintzen du hidrogenoari lotutako teknologia ugariei buruz — ekoizpena, biltegiratzea, banaketa eta aplikazioa —, eta hainbat sektoretan — hala nola energia, garraioa edo industria astuna — deskarbonizazioaren erronkei aurre egiteko profesional kualifikatuen eskaerari erantzuten dio.
Lehen ediziotik 200 profesional inguru trebatu dira, eta masterra Estatuan energia-prestakuntzaren arloko erreferente gisa finkatu da. Somorrostro bezalako zentroen inplikazioak berrikuntza teknologikoaren eta ingurune produktiboaren benetako beharrekin lotutako prestakuntzarekiko konpromisoaren arteko lotura indartzen du.