STEAM Orientazio Jardunaldi berri bat izan dugu gaur Somorrostron, Innobasquek eta Elhuyar Fundazioak antolatuta, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako STEAM Euskadi Estrategiaren barruan. Oraingoan, San José de Calasanz (Santurtzi) eta Salesianos de Barakaldo ikastetxeetako DBHko 4. mailako 50 ikaslek parte hartu dute, eta zientzia eta teknologiari lotutako lanbideen aniztasuna zuzenean ezagutzeko aukera izan dute.
Jardunaldi hauen helburua ikasleak lanbide zientifiko eta teknologikoetara (STEM) hurbiltzea da, euskal industria-, zientzia- eta teknologia-sektoreko profesionalekin zuzeneko harremanaren bidez haien prestakuntza- eta lanbide-aukeraketan lagunduz.
Ekimena Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza eta Hezkuntza sailek sustatu dute, Innobasquerekin lankidetzan, eta Deustuko Unibertsitatearekin, Mondragon Unibertsitatearekin, UPV/EHUrekin, Hetelekin, Ikaslanekin eta AICE-IZEArekin batera antolatu da.
“Hitzordu azkarrak” STEM profesionalekin
Speed dating ekitaldi ezagunetan oinarrituta, saioak “hitzordu azkarren” formatuan egin dira ikasleen eta profesionalen artean. Hamabost minutuko blokeetan, bost ikasleko talde bakoitzak profesional desberdin batekin hitz egin du bere ibilbide akademikoaz, egungo lanaz, aurre egin beharreko erronkez eta sektorearen aukerez.
Formatu arin eta hurbilak aukera eman die ikasleei kezkak trukatzeko, zalantzak argitzeko eta hainbat irteera profesional gertutik ezagutzeko.
LH barrutik ezagutzen
Profesionalekin izandako elkarrizketen ondoren, ikasleek Somorrostro Heziketa Zentroko irakasleek eta ikasleek antolatutako tailer praktiko batzuetan parte hartu dute, eta horietan Lanbide Heziketako hainbat arlo esperimentatu ahal izan dituzte:
- 3D diseinu eta inprimaketako tailerra
- Fabrikazio mekanikoko tailerra
- Soinu-tailerra
- Informatikako tailerra (Oinarrizko LHko ikasleek gidatua)
- Automobilgintzako tailerra
Esperientzia aberasgarria izan da, eta LHren mundua, aplikazio praktikoak eta etorkizunerako eskaintzen dituen aukera ugariak ezagutzeko aukera izan dute.

Bokazio zientifikoak sustatzen
Jardunaldi horiek STEAM Sareren jardueren parte dira. Sare horrek ikastetxeak, unibertsitateak, zentro teknologikoak eta enpresak biltzen ditu, euskal gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko. Horrelako ekimenen bidez, hezkuntza-munduaren eta produkzio-munduaren arteko elkar ezagutza sustatzen da, eta gazteei beren etorkizun profesionala zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren arloetan irudikatzeko inspirazioa ematen zaie.








