Somorrostro Heziketa Zentroak jardunaldi historikoa egin du gaur, “Energiaren Teknologien HUB” berriaren inaugurazio ofizialarekin. Prestakuntza, teknologia eta elkarlanerako gune berritzailea da, eta trantsizio energetikoaren, berrikuntzaren eta industriaren benetako premiekiko zuzeneko konexioaren aldeko apustua indartzen du. Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia izan da ekitaldiko buru, eta 70 pertsona inguru bildu dira bertan, erakundeetako ordezkariak, enpresa laguntzaileak, EBI ikastetxeak eta inguruko eragile sozial eta ekonomikoak.
Inaugurazioa Erkizia eraikin berrituan egin da, Muskizen 90 urte baino gehiagoko historia duen gunean. Zaharberritze- eta eraldaketa-prozesu garrantzitsu baten ondoren, energia berriztagarriei, digitalizazioari eta energia-teknologiei lotutako prestakuntza aurreraturako erreferente bihurtu da orain.
Ekitaldia Javier Laiseca ikastetxeko zuzendariaren ongietorri instituzionalarekin hasi zen. Honek proiektua aurkeztu zuen eta HUBren bideo ofizialari bide eman zion. Ondoren, Iñigo Diego Ingeteam-eko Talentuaren eta Proiektuen Garapenaren arduradunak, Jon Labaka Lanbide Heziketako sailburuordeak, Kerman López bikario nagusiak eta Ahaldun Nagusiak berak parte hartu zuten, instalazio berrietara bisita gidatu bat egin aurretik.
Laisecak bereziki eskertu nahi izan zuen Bizkaiko Foru Aldundiaren, Muskizko Udalaren eta proiektu hau ahalbidetu duten enpresa laguntzaileen babesa, eta nabarmendu zuen “instalazio berri horien inaugurazioa aukera handia dela trantsizio energetikoari lotutako teknologietan trebatzea erabakitzen dutenentzat, bai eta berrikuntzaren eta negozio-nitxo berrien alde egiten duten enpresentzat ere”.
Bere hitzaldian, Ahaldun Nagusiak nabarmendu zuen proiektua estrategikoa dela Bizkaiko etorkizun industrialerako eta, bereziki, Ezkerraldea-Meatzaldearako. Etxanobek azpimarratu zuenez, “Somorrostroko Energiaren Teknologien Huba pieza estrategikoa da Bizkaia trantsizio energetikoa gidatzeko eraikitzen ari den ekosisteman”, eta balioa eman zion Lanbide Heziketaren, enpresen, erakundeen eta zentro teknologikoen arteko lankidetza-ereduari.
Kerman Lopez bikario nagusiak Somorrostro Heziketa Zentroaren fundatzailearen irudia goraipatzeko aprobetxatu du ekitaldia: “Marcelo Gangoiti jaunaren ondareak 5.0 zentro honetan egiten den lana zaintzera bultzatzen gaitu, pertsona bakoitzaren eta bizi den gizartearen duintasunaren zerbitzura egon dadin”.
Iñigo Diego Ingeteam-eko Talentu eta Antolakuntza Garapeneko zuzendariak nabarmendu duenez, energiaren etorkizuna enpresa, prestakuntza eta teknologia konektatuz eraikitzen da. Azaldu du, halaber, uste sendo horrek eta Somorrostrorekin sortzen ari den harreman estuak bultzatu dutela Ingeteam “lankidetza-hitzarmen bat sinatzera, hasieratik epe ertain eta luzerako harreman estrategikotzat hartu genuena eta proiektu bateratu batzuk abian jartzea ekarri duena”. Bere ustez, Hub hau “teknologia, jasangarritasuna eta talentua konektatuko diren tokia izango da, benetako aukerak sortzeko”.
Energiaren etorkizunerako pentsatutako espazioa
HUB berriaren helburua da ikasleek eta enpresek energiaren sektorearekin lotutako teknologiak ikasi, ikertu, testatu eta proiektu errealak garatzeko aukera izatea. Eraikinak energia eolikoari, eguzki-energia fotovoltaikoari, sare adimendunei, biltegiratze energetikoari, mugikortasun elektrikoari, efizientzia energetikoari, adimen artifizialari, datuen analisiari eta potentzia-elektronikari lotutako ekipamendu espezializatuak ditu, besteak beste.
Ingurune honetan, Somorrostro Heziketa Zentroak Energia Berriztagarrietako Goi Mailako Gradua, Mantentze Elektronikoko Goi Mailako Gradua, Adimen Artifizialeko eta Big Datako Espezializazioa eta Mantentze Industrialaren Digitalizazioko Espezializazioa eskainiko ditu. Gainera, aurreikuspenen arabera, 2028-2029 ikasturtetik aurrera Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Gradua ere emango da, Mondragon Unibertsitatearekin lankidetzan.
Proiektuak trantsizio energetikoari lotutako aukera profesionalak gazteei hurbiltzea, bokazio teknologiko berriak sortzea eta eskualdeko enpresek talentu espezializatua eskuratu ahal izatea du helburu. Hori guztia Ezkerraldea-Meatzaldeko ekosistema energetikoa indartuz eta Abanto-Zierbenako Energy Intelligence Center bezalako ekimen estrategikoak osatuz.
Eraikin adimentsua eta jasangarria
HUBren alderdi nabarmenetako bat da eraikinak berak laborategi didaktiko gisa funtzionatzen duela. Sistema industrializatu iraunkorren bidez eraikia, urik, zementurik eta adreilurik gabe, tenperaturari, hezetasunari, eguzki-erradiazioari edo haizeari buruzko datuak biltzeko gai diren sentsoreak ditu, ondoren adimen artifizialaren eta biki digitalen bidez aztertzeko.
Gainera, OTISek utzitako igogailu didaktikoa bezalako instalazioek sektoreko profesionalen prestakuntza teknikorako ere balioko dute. Horrek guztiak ikaskuntzarako, berrikuntzarako eta enpresekiko lankidetzarako ingurune bizi bihurtzen du gune berri hau.
Somorrostrotik eskerrak eman nahi dizkiegu gure orainerako eta, batez ere, gure eskualdeko prestakuntzaren eta industriaren etorkizunerako hain garrantzitsua den jardunaldi honetan lagundu nahi izan diguten pertsona, enpresa eta erakunde guztiei.

🎥 Energiaren Teknologien HUBa aurkezteko bideo ofiziala ikus dezakezu gure YouTubeko kanalean:
📸 Argazkiak: https://photos.app.goo.gl/pz63EdmHM5PrgzGMA








