MÁSTER-HIDRÓGENO

“RFID 4.0” proiektuak irrati-maiztasun bidezko identifikazioa eraman du ikasgelara

“RFID 4.0: Integrando la identificación por radiofrecuencia en la Formación Profesional” izeneko Lanbide Heziketako berrikuntzako estatu-proiektuan urrats sendoz parte hartzen du Somorrostro Heziketa Zentroak, Escola del Treball Barcelonarekin eta Radio Rhin Electrónica S.A. enpresa teknologikoarekin lankidetzan. Ekimenaren helburua RFID teknologia ikasgelara hurbiltzea da, metodologia aktiboen bidez eta enpresa-sektorearekin sarean lan eginez.

Lehen lan-urtean, zentroko taldeak bi ildo nagusitan jarri ditu indarrak. Alde batetik, teknologia hori heziketa-zikloetan ezartzeko ekipamendu tekniko egokiena hautatzean. “Asko ikertu behar izan dugu, aukerak alderatu eta ekipamendua gure helburuetara eta ikasleen prestakuntza-mailara egokitzen zela ziurtatu“, azaldu du Maider Romero Somorrostroko proiektuaren irakasle arduradunak. Bestetik, harreman estua ezarri da enpresa espezializatuekin, eta, horri esker, irakasle-taldeak zuzenean ezagutu du RFIDen benetako funtzionamendua, eta ezarpen-estrategia eraginkor bat taxutzen hasi da.

Bigarren urtea erronkaz eta aukeraz beteta dator. Alde teknikoan aurrera egin eta maketa funtzional bat eraikitzeaz gain, fokua ikasleei ezagutzak transferitzean egongo da. “Asmoa proiektuak itxiera oso berezia izatea da: azken azoka bat, non ikastetxe guztiek egindako lana azalduko dugun. Ahalegina ikusarazteko eta esperientziak partekatzeko aukera paregabea izango da “, dio Maiderrek.

Proiektuaren zutabe garrantzitsuenetako bat, hain zuzen ere, ikasgelarako transferentzia hori izango da. Irakasle-taldeak erronketan oinarritutako proposamen metodologiko bat diseinatu du. Proposamen horretan, ikasleek benetako erronka tekniko bati egin beharko diote aurre: stock funtzionalaren kontrol-sistema bat garatzea, RFID teknologia erabiliz hardware zein software mailan. “RFID txipak programatzen eta beharrezko kudeaketa-softwarea diseinatzen lan egingo dute. Prozesu osoa esanguratsua eta aplikazio errealekoa izatea nahi dugu “, gaineratu du.

Esperientzia honen eragina ikasketa teknikotik haratago doa. Gure irakaslearen arabera, horrelako proiektuek bultzada handia ematen diote ikasleen enplegagarritasunari: “RFID teknologia oso presente dago logistikaren, industriaren edo osasunaren sektoreetan. Hura ezagutzeak eta harekin ingurune praktiko batean lan egin izanak lehiarako abantaila argia ematen die “.

Gainera, benetako erronken ikuspegiak aukera ematen die ikasleei lan-munduan oso baloratuta dauden zeharkako gaitasunak garatzeko: talde-lana, pentsamendu kritikoa, egokitzeko gaitasuna eta arazoak ebaztea. “Ezagutzak ez ezik, jarrera profesionala ere batzen dute”, azpimarratu du.

Berrikuntza-prozesu guztietan bezala, bidean ere zailtasunak izan dira. Teknologia konplexu baten ekipamendua aukeratzea eta egokitzapen pedagogikoa izan dira erronka nagusietako bi. “Hasieran zalantza handia egon zen ezagutza tekniko hori guztia ikasgelara nola itzuli, baina sektoreko enpresetan oinarritzea funtsezkoa izan da hasierako bertigo hori gainditzeko”, dio Maiderrek.

Maila pertsonalean eta profesionalean, esperientzia oso aberasgarria izaten ari da parte hartzen duten irakasleentzat. “Horrelako proiektuek aukera ematen didate errutinatik ateratzeko eta ikasteko grinarekin berriz konektatzeko. Ikertzen jarraitzera eta industriaren errealitatearekin bat egiten duten irakasteko modu berriak planteatzera bultzatu naute “, nabarmendu du.

Irakasleak ez du zalantzarik horrelako bizipenek ikasleen lanbide-profilean izan dezaketen eraginari buruz: “Balioa ez da soilik teknologia bat erabiltzen jakitea, baizik eta teknologia hori testuinguru erreal batean aplikatu izana, arazoak konpondu izana, erabakiak hartu izana eta hori guztia irtenbide funtzional nola bihurtzen den ikustea. Horrek guztiak, ondo azalduta, garrantzi handia du praktiketako edo laneko elkarrizketa batean “.

Ekimen honekin, Somorrostro Heziketa Zentroak industriarekin konektatutako LHrekin duen konpromisoa berresten du, berritzailea eta ikasleen garapen integralean oinarritua. Etorkizuneko ikasgelarako urrats berri bat.

Leave a comment