Gure ikastetxeak berrikuntza-proiektu batean parte hartuko du aurten, Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioaren deialdiaren barruan, Diseinu Biomedikoa eta Neurrira egindako Produktu Sanitarioen Fabrikazioa espezializazio-ikastaroa garatzeko. Ekimen honetan Bartzelonako Institut Mare de Déu de La Mercè eta Escola del Treball zentroekin lankidetzan ari gara, DomoTEK euskal enpresarekin batera.
Josu Markina gure lankidearen arabera, “medikuntzan industria-teknologiak aplikatzea soluzio berritzailea da pazienteen tratamenduaren eraginkortasuna, zehaztasuna eta kalitatea hobetzeko”. Irudi medikoa eta 3D inprimaketa bezalako tresnei esker, inplanteak, protesiak, ortesiak eta gida kirurgiko pertsonalizatuak garatzeko aukera berriak zabaldu dira, osasun-arreta hobetuz.
“Proiektu honetan ezagutza sortzen dugu, etorkizunean gure ikasleek diziplina anitzeko taldeetan kasu kliniko errealei heldu ahal izateko, osasun-langileekin eta teknikariekin batera“, azaldu du Josuk.
Helburua da ikasleek biomodeloak sortzen lan egitea, plangintza kirurgikorako, protesien garapenerako eta tresna medikoetarako. Horretarako, espazio espezifikoak prestatzen ari dira 3D inprimaketa-teknologiekin eta irudia tratatzeko softwarearekin. Proiektuaren hasierako azterketak, Espainia osoko osasun-profesionalei egindako inkestetan oinarrituta, medikuek eta ingeniari biomedikoek osatutako taldeetan espezializatutako profil tekniko berri baten beharra berretsi zuen.
Gregorio Marañón Ospitaleko Plangintza Aurreratuko eta 3D Manufakturako Unitatea (UPAM3D) da eremu horretako erreferenteetako bat, aitzindaria baita ospitalearen barruan fabrikazio-inguruneak ezartzen. “Frogatu dute POC (point-of-care) diseinuko eta fabrikazioko asistentzia-ereduak konponbide seguruak, eskalagarriak eta iraunkorrak ahalbidetzen dituela”, adierazi du Josuk. Hala ere, aurrerapen horiek ospitale gehiagotara iristeko, funtsezkoa da administrazio publikoen laguntza.
DomoTek Bio enpresa eta BitFab CEOa ere UPAM3Dko lantaldearen parte dira, eta proiektuan parte hartzen duten irakasleak prestatzen ari dira, etorkizunean haiek presta ditzaten ikasleak. Gaur egun, lantalde hori profil profesional berri horien curriculuma definitzen ari da.
“Medikuntzan industria-teknologiak integratzea, LHko ikasleen parte-hartze aktiboarekin batera, funtsezkoa izango da medikuntza zehatzagoa, pertsonalizatuagoa eta eskuragarriagoa lortzeko“, ondorioztatu du Josuk.