Master hau 5 unibertsitatek eta 6 prestakuntza eta ikerketa zentrok bultzatu eta koordinatzen dute, horien artean Somorrostrok. Orain arte martxan jarri diren masterraren hiru edizioetan 190 profesional prestatu dira. Laugarren edizioa urriaren 18an hasiko da eta % 100 online egin ahal izango da.
Hidrogenoaren Teknologietako Unibertsitate arteko Masterraren 2. promozioa egin duten 48 pertsonak diploma jaso dute aldi berean programaren bigarren edizioa egin den egoitzetan: Bilbon, Bartzelonan, Tarragonan eta Zaragozan. Master hau egin duten profesionalek ezagutza berritzaileak eta abangoardistak eskuratu dituzte hidrogenoaren eta hari lotutako teknologien arloan, eta arreta berezia jarri dute sorkuntzan, garraioan, biltegiratzean eta eraldatzean, bai eta energia-merkatuan ere.
Ikasle bakoitzak master amaierako proiektu bat garatu du, enpresa batek planteatutako erronka bati erantzuteko. Proiektu horietan landutako gaien aniztasunak agerian uzten du berrikuntzaren eta ikerketaren beharra, potentzial energetiko hori industrian errealitate bihur dadin.
Masterraren 4. edizioa urriaren 18an hasiko da. Berrikuntza gisa, % 100 online egin ahal izango da, edo Bilboko edo Bartzelonako egoitzetara joan ahal izango da praktiketara. Programa hidrogenoaren teknologietan eta haren aplikazioetan trebatzeko interesa duten profesionalei zuzentzen zaie, bai eta etorkizunean beren produktuetan edo zerbitzuetan hidrogeno-teknologiak sartzen ari diren edo sartzea aurreikusten duten enpresetako proiektu arduradunei eta teknikariei, bektore berri horren potentzialean interesa duten sektore industrial edo teknologikoko profesionalei edo beren teknikariak etorkizuneko jasangarritasun-erronka berrietarako prestatu nahi dituzten energia-sektoreko enpresa hornitzaileei ere.
Master hau Estatuko 5 unibertsitatek bultzatu eta koordinatzen dute: Mondragon Unibertsitateak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Universitat Politècnica de Catalunyak, Universitat Rovira i Virgilik eta Zaragozako Unibertsitateak. 6 prestakuntza eta ikerketa zentrok ere parte hartzen dute: Somorrostro Lanbide Heziketako Zentro Integratuak, Tarragonako Institut Comte de Riusek, Bartzelonako Institut Escola del Treballek, Piramide Lanbide Heziketako Zentro Publiko Integratuak, Industria Antolatzeko Eskolak eta Aragoiko Hidrogenoaren Fundazioak. Repsol-Petronorren laguntza du.
Industria, unibertsitate eta lanbide-heziketako erreferentziazko erakundeen aurrekaririk gabeko lankidetza honen helburua unibertsitatean prestatutako ingeniaritza profilak eta lanbide heziketatik datozenak orekatzea da, horrela industrian hidrogenoaren teknologien garapen eraginkorra bizkortuz.